BESTE URTE BATEZ, ITLENT ETA IKASENPRESA PROGRAMA EKINTZAILETZAREKIN

Ikasenpresa programak azken hilabetean hiru lurralde historikoetan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) egindako kongresuen balantzea eginez itxi du urtea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iTlent bidez garatutako programa honek espiritu ekintzailea sustatzen du bere alderdi guztietan, eta enpresaren mundua ikasgelara hurbiltzen du. Ekintzailetza-kongresuen aurtengo edizioetan FP Euskadiko ikasle askok hartu dute parte: 230 ikasle bildu dira Gipuzkoan, 121 Araban eta 280 Bizkaian. 631 gaztek Komunikazio, Finantza, Steam, Sormen, Balio eta Errealitate Birtualari buruzko hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izan dute. Topaketa hauek Gasteizko Europa Jauregian, Barakaldoko Bic Ezkerraldean eta Irungo Ficoba erakustazokan antolatu dira.

Ekimen horri esker, FP Euskadiko gure ikasleek trebetasun berriak eskuratzeko eta lehendik zeudenak lantzeko eta indartzeko aukera izan dute beren ekintzailetza-proiektuetan txertatzeko. Aldi berean, Euskadi osoaren beste ikastetxe batzuetako ikasleekin harremanetan jartzeko egokiera eduki dute, ekintzailetza-kongresu batean parte hartzeko esperientzia lehen pertsonan biziz.

LHn trebatu ondoren beren proiektuak abian jartzea lortu duten gazte ekintzaileen testigantzak inguruneko aukeren pertzepzio irekiagoa eta hurbilagoa eskaintzen lagundu zuen, errealitatera eraman daitezkeen eta gure ehun kulturala eta sozio-ekonomikoa arduraz hobetzen lagundu dezaketen ideia ekintzaileak sortzea eta garatzea erraztuz.

Beste batzuetan bezala, kongresuetan ekintzailetza sustatzen lan egiten duten hainbat erakunderen lankidetza izan zen, parte-hartzaileen esperientzia aberastuz eta lan- eta enpresa-munduari buruzko ikuspegi berriak zabalduz, gizarte bidezkoago eta iraunkorrago baterako bidea sustatuz.

Beraz, FP Euskadiko ikasleak gazte ekintzaileekin eta gure erkidegoko ekintzailetza sustatzen duten hainbat erakunderekin gune berean biltzen dituen urteko hitzordu interesgarri eta parte-hartzailea da. Horiek guztiak oso pieza garrantzitsuak dira espiritu ekintzailea bultzatzeko ez bakarrik gizabanakoen bizitzaren ardatz eraldatzaile gisa, baizik eta baita gizartearena eta tokiko ekonomiakoa ere.

Kongresu horien bidez, Hezkuntza Sailak eta iTlent, Talentuaren Euskal Institutuak, talentuaren garapenarekin duten konpromisoa berresten dute, eta aukerak identifikatzeko, arriskuak hartzeko eta erronkei aurre egiteko gai diren ekintzaileak prestatzeko helburua lortzen laguntzen dute, balio sozial, kultural eta ekonomikoa sortzea sustatuz, onura positiboak ekar diezazkieten, bai pertsonei, bai haien inguruneari.