Elkarlanaren garapena

Zer da “Elkarlanaren garapena” lan-lerroa?

Euskadiko Lanbide Heziketaren sisteman elkarlana hobetzeko metodoak ikertu eta garatzeaz arduratzen den lerroa da, bai irakasle taldeen artean —koordinatuta lan egin beharko dute, ikasleentzat eredu bat izanik—, bai ikasleen beren artean, eta, horrela, haien ikaskuntza indartuko da.

Zein da helburua?

Helburu nagusia da goi-errendimenduko ikaskuntzetan elkarlana modu koherente eta sistematikoan ezartzeko baliabideak eta laguntza eskaintzea, eta, hartara, talentua garatzen laguntzea.

Zergatik da garrantzitsua Euskadiko Lanbide Heziketarako?

Lerro hau hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua:

  • ETHAZI ereduaren axiometako batek dioenez, beste pertsona batzuekin lan eginez, elkarlanean, urrunago iristen gara, ikasleek gehiago eta hobeto ikasten dute, eta irakasle taldeek eraginkortasun handiagoarekin garatzen dute beren lana.
  • Elkarlana ikasleen ikaskuntzarako funtsezko tresna gisa erabiltzeak haiek testuinguru sozial eta profesional gero eta konplexuagoetan integratzen laguntzen du. Testuinguru horietan diziplinartekotasuna eta lankidetza funtsezko faktoreak dira.
  • Uste dugu irakasle talde autogestionatuetan antolatuta lan egin behar dutela irakasleek goi-errendimenduko ikaskuntza-agertokiak hedatzeko; lan egiteko modu horrek norberaren irakaskuntza-konpetentzia aberasten laguntzen du.

Prozesua

Elkarlana hiru dimentsiotan aintzat hartzen dugu; dimentsio horiek aldi berean eta koherentziaz aplikatu behar dira, elkarrekin erlazionatuta daude-eta. iTlenten ezagutza ikertu eta irakasle taldeei transferitzen diegu, haiek ikastetxeetan heda dezaten.

Lehenik, lantaldeen kohesioa bultzatzen dugu, taldean nor eta nolakoak garen ezagutzeko. Elkarrekiko ezagutza garatzeak eta pertsonen arteko interrelazioak sustatzeak taldean dauden desberdintasunak asumitzen —inklusioa erraztuz— eta taldekideen arteko solidaritatea garatzen laguntzen du. Kohesioa eta konfiantza erraztuko duten harreman-moduetan ikertzen dugu, eta balioa ematen dutenak gure prestakuntza-proposamenetan gauzatzen ditugu.

Bestalde, elkarlanaren erabilera sustatzen dugu, ikasteko komunitateetan pertsonen ikaskuntza aberasteko tresna zoragarria baita. Taldekide bakoitzaren parte-hartze arduratsua garatzeak interdependentzia talde-laneko funtsezko faktore gisa barneratzen laguntzen du, baita talde gisa gauzatuko diren erabakietan konfiantza sendotzen ere.

Azkenik, helburu erkideak lortze aldera, taldeak garbi izan behar du haietaraino nola iritsi. Taldeei talde-planak sortzea proposatzen diegu, nola antolatu nahi duten eta beren prozesuen jasangarritasuna nola aztertuko duten islatzeko. Lan egiteko modu horrek autorregulazio indibiduala eta taldekoa garatzen laguntzen du, baita gatazken kudeaketari elkarlanaren berezko alderdi gisa aurre egiten ere.