Balioak 4.0

Zer da "Balioak 4.0" lan-lerroa?

“Balioak 4.0” Euskadiko Lanbide Heziketaren ikaskuntza-ereduaren barruan balioetan oinarritutako prestakuntza txertatzea xede duen lan-lerroa da.

Zein da helburua?

Helburu nagusia da beren lanbide-esparruan FP Euskadi balioekin bat datozen erabakiak hartzeko prest dauden pertsonak prestatzea, arazoak egoki hautatzen dituzten eta horiei konponbidea emateko modurik onenak aurkitzen dituzten pertsonak, talentua garatzen duten pertsonak.

Zergatik da garrantzitsua Lanbide Heziketarako?

Lan-lerro hau hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua:

  • Bizi garen gizartea gero eta aurreratuago dago maila digitalean eta teknologikoan, eta gizarte- eta ingurumen-erronka garrantzitsuei ere aurre egin behar die. Desafio horien aurrean, erabakigarria da elkarrekin bizitzen, errealitatea modu kritikoan analizatzen eta gure erantzukizun indibiduala zein kolektiboa geure gain hartzen ikastea.

  • Gure gizartean eta gure enpresetan gizabanakoen arteko eta planetarekiko interdependentziaz jabetzen diren pertsonak behar ditugu, pertsona solidarioak, inklusiboak eta ekimena dutenak: gizarte justuago eta jasangarriago bateranzko aldaketaren eragileak.

  • Erantzukizun indibiduala eta kolektiboa sustatzen du, eta pertsona konprometituak eta sozialki arduradunak sortzen ditu lan-ingurunean eta gizartean oro har.

Prozesua

Kontua ez da “beste zeregin bat” gehitzea, egiten duguna aprobetxatzea eta balioen ikuspegitik begiratzea baizik, ikasleek beren ohituretan eta profesional gisa jarduteko moduan txerta ditzaten Balioak 4.0. Horretarako, ETHAZI ereduak aukerako ezarpen-testuingurua eskaintzen du.

Balioetan oinarritutako prestakuntza heziketa-zikloetan txertatzeko prozesua aurrera eramateko, zikloko irakasle talde osoa inplikatzen dugu eta ikasgelako jarduera guztiak erabiltzen ditugu (erronkak, gogoetak, feedback elkarrizketak…), balioetan oinarritutako prestakuntza zeharkakoa eta ikasleen egunerokoaren parte izan dadin, pixkana-pixkana baina etengabe.

Funtsezko hiru multzotan oinarritzen den ikasteko ibilbidea proposatzen dugu. Lehenik, erantzukizunaren printzipioari heltzen zaio, eta nabarmentzen da erantzukizun indibiduala zein garrantzitsua den erantzukizun kolektibora iristeko.
Ondoren, FP Euskadiko Balioak 4.0 lantzen dira (solidaritatea, inklusioa, ekimena eta interdependentzia).
Azkenik, enpresaren gizarte-erantzukizunaren hiru irizpideak lantzen dira (gobernu ona, ingurumena eta gizartea).