Ikaskuntzarako eta talenturako ebaluazioa

Zer da "Ikaskuntzarako eta talenturako ebaluazioa” " lan-lerroa?

Lan-lerro honek ebaluazioa ikasleen etengabeko aurrerabiderako tresna gisa erabiltzea proposatzen du, pertsona bakoitzari prestakuntza eta laguntza emanez ikaskuntzak eta talentua garatzeko.

Zein da helburua?

Helburu nagusia tresnak eta ereduak ikertzea, garatzea eta transferitzea da, irakasle taldeek ikasleen ikaskuntzen bilakaeran lagun dezaten, beren talentu indibiduala eta kolektiboa ebaluazioaren bidez identifikatuz, garatuz eta indartuz.

Zergatik da garrantzitsua Lanbide Heziketarako?

Lerro hau hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua:

  • Ebaluazioa funtsezko elementua da ETHAZI ereduaren barruan (Euskadiko Lanbide Heziketaren ikaskuntza-eredua).

  • Ikaskuntza eta talentua garatzeko, beharrezkoa da pertsonei lagunduko dien ebaluazio-eredu bat bultzatzea, ez soilik konpetentzia jakin batzuk eskuratu direla ziurtatuko duena.

  • Irakasle taldeei erraztu egiten die ikasleen prestakuntza-ebaluazioa egiteko prozesua.

  • Gaur egungo lan-merkatuaren beharrei erantzuten die, enpresek eta gizarteak gero eta gehiago eskatzen baitituzte talentu, trebetasun eta gaitasun espezifikoak dituzten profesionalak.

  • Ekitatea eta inklusioa sustatzen ditu, ikasle guztiek, jatorria edo egoera edozein dela ere, beren talentua ahalik eta gehien garatzeko aukera izatea bermatzen baitu (ikaskuntza pertsonalizatua).

Prozesua

Konpetentzietan eta talentuan jartzen dugu arreta. Irakasle taldeekin lan egiten dugu ikasleen konpetentzien garapena ebalua dadin, talentuaren bereizgarri diren trebetasunei eta gaitasunei arreta berezia eskainiz.

Irakasle taldeek ebaluazioari buruz duten ikuspegia aldatzea bultzatzen dugu, honako ezaugarri hauetan jar dezaten arreta:

  • Prestakuntza- eta orientazio-ebaluazioa: ebaluazioa indarguneak, ahuleziak eta talentu potentziala identifikatzeko tresna gisa erabiltzea proposatzen dugu, ikasleak beren garapen pertsonal eta profesionalean gidatzeko.

  • Ebaluazio etengabekoa eta pertsonalizatua: ikasleei ikasteko prozesuan zehar laguntzeko, eta, hartara, prozesu hori ikasle bakoitzaren ezaugarri eta behar indibidualetara egokitzeko.

  • Autoebaluazioa, koebaluazioa eta heteroebaluazioa: ikasleek beren ebaluazioan modu arduratsuan parte har dezaten sustatzeko, ikaskideen eta irakasle taldeen atzeraelikadurarekin (feedback) osatuz, ikaskuntza esanguratsua lortzeko.

  • Ikasleen konpromisoa eta gogoeta: ikasleek beren garapen integralean protagonismoa har dezaten.

  • Ebaluazio partekatua eta elkarlanekoa: irakasle taldeak ikasleen ebaluazioan lagundu dezan, informazioa eta ikuspegiak partekatuz.

Horretarako, ezagutza sortzen dugu Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikerketa aplikatuko prozesuen bidez, eta prestakuntzaren bidez eta esperientziak partekatuz transferitzen dugu, Euskadiko Lanbide Heziketaren sistemako irakasle taldeen egoera desberdinak kontuan hartuta.