Kultura ekintzailea

Zer da "Kultura ekintzailea" lan-lerroa?

Lan-lerro hau kultura ekintzailea ETHAZI ereduan (Euskadiko Lanbide Heziketaren ikaskuntza-eredua) txertatzean datza, kultura hori ulertuta ideia eta aukera berriak sortzea eta garatzea eta ideia eta aukera horiek praktikan jartzeko gaitasuna sustatzen eta laguntzen duten balio, jarrera, trebetasun eta portaeren multzo gisa.

Zein da helburua?

Helburu nagusia da ikasleak gaitzea ideiak ekintza zehatz bihur ditzaten, kontzeptu berritzaileak eraldatu eta proiektu erreal eta jasangarri bihurtuz, bai ikasleentzat, bai haiek garatzen diren komunitatearentzat onuragarriak izan daitezen.

Zergatik da garrantzitsua Lanbide Heziketarako?

Lerro hau hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua:

  • Teknologikoki gero eta aurreratuagoa den baina gizarte- eta ingurumen-erronka esanguratsuei aurre egin behar dien gizarte batean, funtsezkoa da aurrea hartzen ikastea, berritzea eta erantzukizunak hartzea.

  • Gure gizarteak eta gure enpresek pertsona ekintzaileak behar dituzte, gizarte bidezkoago eta jasangarriago bateranzko aldaketaren eragile gisa jardun dezaten.

  • Ikasleei aukerak identifikatzeko, kalkulatutako arriskuak hartzeko eta erronken aurrean irauteko aukera ematen dieten trebetasunak eta jarrerak sustatzen ditu, eta pertsonentzat eta ingurunearentzat balio soziala, kulturala eta/edo ekonomikoa sortzen laguntzen du.

Prozesua

Ikasleek beren talentuaren garapenean eragile nagusiaren eginkizuna betetzen duten ideia ekintzaile bat sortzeko eta abian jartzeko erronka planteatzen dugu. Erronka hori aurrera eramateko, irakasle taldeei proposatzen diegu ideia ekintzaileak lanbide-arloarekin erlazionatuta egotea, berritzaileak izatea eta, 4.0 Balioak kontuan harturik, balio ekonomikoa ez ezik, balio soziala edo kulturala ere sortzea, eraldaketa sozial integratzaileagoa lortzeko lagungarriak izan daitezen.

Bultzatzen dugu, halaber, irakasle taldeek ikasteko espazio berriak erabil ditzaten ideia ekintzaileak burutzeko.

Abentura ekintzaile horri heltzeko, honako ibilbide hau proposatzen diegu irakasle taldeei:

  • Ekintzailetza-konpetentziak, zikloaren lanbide-konpetentziak, eta balio etiko eta sozialak ezagutzea.

  • Ingurunearen eta pertsonen beharrak ikuspegi kritikoarekin identifikatzea.

  • Ekintzailetza-konpetentziak aplikatzea ingurunearen eta pertsonen beharrei konponbidea emateko.