Talentua sortzea
Lan-lerro honek ikerketa aplikatua egiten du Euskadiko Lanbide Heziketaren sisteman talentua sortzearen inguruan, giza garapen jasangarria ardatz hartuta.
Helburua da, Euskadiko Lanbide Heziketaren sistemaren esparruan, pertsonengan eta antolakundeetan talentua garatzea, haiek, balioetan oinarriturik, erronkak hautatu eta horiei erantzuteko informazioa, kudeaketa emozionala eta funtzio exekutiboak mobiliza ditzaten.
Lerro hau hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua:
Gure ustez, talentua, une honetan, Lanbide Heziketan garatu beharreko giza ezaugarririk esanguratsuena da, izan ere pentsamendu kritikoa, sormenezko pentsamendua eta pentsamendu konstruktiboa abian jartzea baitakar berekin; talentuak, horrela ulertuta, balio erantsia duten erantzunak zehazten ditu.
Adimen emozionala, adimen sortzailea eta adimen exekutiboa behar bezala erabiltzeak aurrera egitea bermatzen du eta pertsona baten eraldaketa zehazten du: profesional konpetentziadun izatetik profesional talentudun izatera.
Lanbide Heziketaren inguruneak ikasteko esparruak behar ditu, konpetentzien garapenaz harago, pertsonen talentuaren garapena ardatz hartuko dutenak, hautematen dituzten eta aurre egiten dieten erronkak arrakastaz ebazten dituen adimena abian jartzeari begira.
Beren ekintzak eta, horrenbestez, beren oraina eta etorkizuna humanismo jasangarriz hornitutako ikuspegiarekin zuzentzen dituzten pertsonak garatzen laguntzen dugu.
Berrikuntza aplikatuaren esparruko jarduera garatzen duen erakundea garen aldetik, prozesu exekutiboak ikertzea eta hedatzea edo ezartzea hartzen dugu ardatz.
Talentua garatzen laguntzen duten tresnak edo baliabideak hedatzeko, elkarlaneko sakabanatze-egiturak erabiltzen ditugu, Euskadiko Lanbide Heziketan lan egiten duten pertsonei lagun egitea ardatz dutenak: Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako pertsona esperientziadunak (aRituak), ikaskuntza-koordinatzaileak, irakasle taldeak, sare operatiboak…
Berrikuntza aplikatuko prozesuei dagokienez, esperimentazioa eta dagokion ebaluazioa funtsezkoak dira sortutako aurkikuntzak sustatzeko modukotzat jotzeko. Hori dela eta, beharrezko ikerketa-ekintzen ondoren, proba pilotuak egin ohi ditugu agertoki egokietan, interes orokorreko lorpen-adierazleak identifikatu ahal izateko.
Guztiarekin ere, honela bideratzen dugu ikerketa:
Euskadiko Lanbide Heziketan talentuaren testuingurua egituratu eta definitzen dugu.
Konpetentzian oinarritutako prestakuntza eraldatu eta talentuan oinarritutako prestakuntza bihurtzeko prozesua garatzen dugu.
Zenbait pentsamendu- eta adimen-eredu analizatzen ditugu, Euskadiko Lanbide Heziketaren sisteman prestatzen diren pertsonen konpetentzia hobetzeko eta talentua indartzeko.
Lanbide Heziketarako erreferentziak sortu eta ikasteko espazio berriak bultzatzen ditugu.
Ikasteko prozesuak errazteko tresna berriak txertatzen ditugu, Euskadiko Lanbide Heziketan prestatzen diren pertsonen prestakuntza hobetzeko.