EUSKADI-BIOBIO Transferentzia-proiektua: prestakuntza teknikoa indartzeko lankidetza berritzailea

Euskadi eta Txileko Biobio Eskualdearen arteko lankidetza-esparruan, 2023an hasita, esperientziak transferitzeko asmo handiko proiektu bat jarri da abian, Biobio Eskualdeko giza kapitala indartzeko helburuarekin. Ekintza hau, bereziki, loturak sortzera eta Prestakuntza Teknikoko Zentroak indartzera bideratu da, Berrikuntza eta Eraldaketa Metodologikoko estrategien bidez.


Ekimena Biobioko Garapen Korporazioak (Desarrolla Biobío) sustatzen du, eta BioBio eskualdean giza kapitala eratzeko ekintza eraldatzaileak bultzatzeko taldeak bildu, taldekatu eta erraztearen rola betetzen du, eskualdeko berrikuntza, lehiakortasun eta hazkunderako funtsezko faktorea baita.


Horrela, Euskadik Txilen duen Ordezkaritzarekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren onespenarekin, LHko Talentuaren Euskal Institutuak (iTlent) dinamizatzen duen transferentzia-ekintza bat diseinatu eta abiarazi da, Tknikaren laguntzarekin.

Proiektuaren testuingurua eta helburuak


2024ko azaroaren 22an jarri zen abian proiektu hau, eta gaitasunak garatzeko prestakuntzetan oinarrituta dagoen transferentzia-ekintzaren hasiera markatu zuen.


Proiektuak bi fase ditu: lehenengo fasea, online prestakuntzakoa, Biobio eskualdeko Lanbide Heziketa Teknikoko Zentroetako irakasleei zuzendutako saio sinkroniko eta asinkronikoekin, 2024ko azaroan eta abenduan garatua; eta bigarren fasea, Euskadin aurrez aurreko prestakuntzakoa, joan den martxoan egina. Bigarren fase horretan, lehen fasean parte hartu zuten irakasleez gain, Biobio eskualdeko ikastetxeetako zuzendariak ere egon ziren.


Transferentzia-ekintza honen helburua parte-hartzaileek ikaskuntza-metodologien eta ingurunearekiko loturaren diagnostikoak garatzea da, ETHAZI ikaskuntza-eredua erabiliz. Gainera, talde bat osatu nahi da Biobio eskualdeko Lanbide Heziketan berrikuntza eta eraldaketa metodologikoko estrategiak elkarlanean gidatzeko.

Aipatutako online prestakuntzaren lehen fasean, hainbat jarduera egin ziren Biobio Eskualdeko lau ikastetxe adierazgarritako irakasleekin: Santo Tomas Prestakuntza Teknikoko Zentroa, Lota Arauco Prestakuntza Teknikoko Zentroa, Iparraldeko Unibertsitate Katolikoko Prestakuntza Teknikoko Zentroa eta UCSCko Prestakuntza Teknikoko Zentroa. Egindako ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: taldea aktibatzea eta abian jartzea; talde-lanaren oinarriak aurkeztea eta barneratzea; FP Euskadiko eredua aztertzea eta errekonozitzea (Ethazi eredua); ikastetxe bakoitzean metodologia aktiboak sakontzea eta diagnostikatzea, eta kasu bakoitzean dauden beharrak ebaluatzea.


Joan den martxoan egin genuen Euskadiko prestakuntza presentzialaren fasean, iTlent erakundeak zuzendutako eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe batzuekin lankidetzan egindako hainbat jardueratan Txiletik etorritako irakasleek eta zuzendariek hartu dute parte. Egindako beste ekintza batzuen artean, Tknika eta iTlent ezagutzeko bisitak eta inguruko enpresetara eta prestakuntza-proiektuetara egindako bisitak azpimarra ditzakegu. Gainera, prestakuntzara bertaratutako pertsonek parte hartu zuten erronka bat lantzen eta ebazten, ikasleen ikuspegitik ETHAZI ereduari jarraituz, eta hezkuntza-erronkaren prototipo bat elkarlanean eraikitzen. Prototipoa 2025eko apiriletik maiatzera bitartean jarriko da abian jatorrizko ikastetxeetan. FP Euskadi-k, iTlent bidez, parte hartzen duten irakasleei lagunduko die beren ikastetxeetan prototipoa gauzatzeko fasean.

Orain arte egindako ekintzek transferentzia-proposamenean ezarritako helburuak bete dituzte, eta lankidetza-testuinguru bat sortu da prestakuntza teknikoko zentroak eraldatzeko. Irakasleek gogobetetze- eta konpromiso-maila handia erakutsi dute, eta, gainera, elkarlanerako gune interesgarri eta baliotsua sortu dute.


Prototipoa ezartzeko fasea falta bada ere, orain arte lortutako emaitzak arrakastatsuak izan dira, eta beste behin ere erakutsi dute ikastetxeen arteko lankidetza eta antolaketa-malgutasuna bultzatzea funtsezkoak direla beharrezko eraldaketarako.

Edonola ere, Euskadiko esperientziak erakutsi du lankidetza eta baterako lana funtsezkoak direla hezkuntza-sistemaren bilakaerarako, eta baieztatu du berrikuntza, eta parte hartzaileen inplikazioa eta konpromisoa direla horrelako ekimen eraldatzaileei eusten dieten zutabeak.


Zalantzarik gabe, EUSKADI-BIOBIO transferentzia-proiektua prestakuntza teknikoa indartzeko eta Biobio eskualdean inpaktu iraunkorra sortzeko helburuak lortzeko bidean dago.